Hardflip: "Bergaran betidanik egon dira hardcore musika defendatu duten taldeak"
Api. 17, 2013, gauerdia Jagoba Domingo
Orain dela bost bat urte hasi zen
Hardflip taldearen ibilbidea Bergarako Goiko-zahar entsegu lokaletan.
Lehenengo kontzertua proiektuarekin hasi eta hilabetera eskaini zuten
hirukote moduan, baina ordutik hona kontzertu asko eman dituzte laukote
moduan, hardcore eta punk doinuak non-nahi defendatuta.
2010ean Ke kereis? diskoa
kaleratu zuten, eta duela bi hilabete, Bergarako gaztetxean egin zen
Tapoifest hardcore jaialdia aprobetxatuz, beste hiru kantu oparitu
zizkieten taldearen eta hardcorearen zaleei. HHD taldearekin batera
disko bat kaleratu dute, talde bakoitzaren hiru abestirekin osatua.
Bergarakoen kantuek hardcore-aren tokia aldarrikatzen dute.
Split bat atera berri duzue; nondik etorri da ideia?
Gure taldeko bateria joleak HHD taldean
jotzen du, eta, talde horretako gitarra joleak soinu teknikari ikasketak
egin zituenez, HHDk euren abestiak grabatzea pentsatu zuten. Grabazioa
gure entsegu lokalean egin zuten, eta, hauek amaitzean dena prest
zegoenez, hurrengo egunean geure kantuak grabatzeko proposamena egin
ziguten. Horrelako aukerak ezin dira desaprobetxatu.
Hortaz, lokalean grabatu duzue.
Bai; Gabonetako egun bat aprobetxatu
genuen. Hamar abesti berri geneuzkan; berez, diskoa orain dela urtebete
ateratzeko asmoa geneukan, baina, beti bezala, dena atzeratu egiten da.
Grabazioa zuzenean egin genuen; base erritmikoa, gitarra eta ahotsak
batera grabatu genituen. Soinu aldetik ez da diskoa bezain kalitate
onekoa, baina gustukoagoa dugu, gordintasun puntu bat duelako,
kontzertu edo entsegu baten xarma du. Hala ere, demo baten moduan
planteatu genuen grabazioa, kantuak guk geuk entzuteko erreminta moduan.
Hala ere, kaleratu egin duzue.
Bai; Tapoifest jaialdian bi taldeok jo behar genuenez, gure zaleei kantu hauek oparitzea pentsatu genuen.
Hamar kantuen artean aukeraketa egitea zaila izan da?
Ez, aukeraketari dagokionez ez diogu
garrantzi handirik eman; gure ustez, soinu eta interpretazio onena duten
kantuak aukeratu ditugu: HC United, Konturatu! eta Sin decir adios.
Eboluzio handia egon da lehenengo diskotik hona?
Baietz uste dugu. Erritmo gogorragoak erabili ditugu azkenaldian, Ke kereis?
diskoko kantuak melodikoagoak dira; oraingoan, ordea, ez dira horren
melodikoak. Abesti berrietan, baina, oraindik abesti punk asko daude,
80ko hamarkadako hardcoretik gertu. Kontuan hartu behar da bakoitzak
influentzia ezberdinak ditugula, eta hori, nahitaez, islatu egiten da;
hala ere, denok gustuko ditugun taldeak ere hor daudela uste dugu.
Zeintzuk lirateke talde horiek?
Adibidez, Nofx, Madball, Sick of it
All... Hala ere, hauetako batzuk jotzeko momentuan ez dira horrenbeste
igartzen. Guretzat, influentzia garrantzitsua Extorsion talde bergararra
ere izan da, herrikoak dira eta haien musika entzunda hazi gara.
Autoekoizpenaren aldeko apustua egin duzue.
Bai; esan bezala, grabazio hau guk geuk
kantuak entzun eta hauek lantzeko egin genuen. Beraz, kopiak etxean egin
eta kontzertuetan banatuko ditugu. Oraingoz, 80 bat disko banatu ditugu
eta hurrengo kontzertuetara kopia gehiago eramango ditugu bertan
banatzeko.
Eta disko ofiziala noizko?
Gure asmoa uda aldean grabatzea da.
Seguruenik, demo hau grabatu duen Asier Olabarriarekin egingo dugu lan.
Zuzenean grabatuko dugu, baina gitarra konponketak eta ahotsak base
guztia egin ondoren grabatuko ditugu. Hori da helburua, baina asmo
berarekin bi urte daramatzagu, horrenbestez...
Zelan ikusten duzue hardcore eszena inguruotan?
Eszena gutxi dago. Donostia aldean talde
gehiago daude; beraz, aukera gehiago daude, baina inguruotan ez dago
eszena indartsurik. Hala ere, Bergaran betidanik egon dira hardcorea
egin duten taldeak; adibidez, Fly Shit, Supercools, Extorsion eta Rotten
Teenagers. Baina inguruan ez dago eszenarik. Honen erakusgarri da
kontzertu gehienak punk musika egiten duten taldeekin jo ditugula.