jueves, 18 de abril de 2013

Hardflip Goienan

Hardflip: "Bergaran betidanik egon dira hardcore musika defendatu duten taldeak"

 

Hardflip, Bergarako Goiko Rock lokaletan entseatzen.

Api. 17, 2013, gauerdia Jagoba Domingo

Orain dela bost bat urte hasi zen Hardflip taldearen ibilbidea Bergarako Goiko-zahar entsegu lokaletan. Lehenengo kontzertua proiektuarekin hasi eta hilabetera eskaini zuten hirukote moduan, baina ordutik hona kontzertu asko eman dituzte laukote moduan, hardcore eta punk doinuak non-nahi defendatuta.
2010ean Ke kereis? diskoa kaleratu zuten, eta duela bi hilabete, Bergarako gaztetxean egin zen Tapoifest hardcore jaialdia aprobetxatuz, beste hiru kantu oparitu zizkieten taldearen eta hardcorearen zaleei. HHD taldearekin batera disko bat kaleratu dute, talde bakoitzaren hiru abestirekin osatua. Bergarakoen kantuek hardcore-aren tokia aldarrikatzen dute.
Split bat atera berri duzue; nondik etorri da ideia?
Gure taldeko bateria joleak HHD taldean jotzen du, eta, talde horretako gitarra joleak soinu teknikari ikasketak egin zituenez, HHDk euren abestiak grabatzea pentsatu zuten. Grabazioa gure entsegu lokalean egin zuten, eta, hauek amaitzean dena prest zegoenez, hurrengo egunean geure kantuak grabatzeko proposamena egin ziguten. Horrelako aukerak ezin dira desaprobetxatu. 
Hortaz, lokalean grabatu duzue.
Bai; Gabonetako egun bat aprobetxatu genuen. Hamar abesti berri geneuzkan; berez, diskoa orain dela urtebete ateratzeko asmoa geneukan, baina, beti bezala, dena atzeratu egiten da. Grabazioa zuzenean egin genuen; base erritmikoa, gitarra eta ahotsak batera grabatu genituen. Soinu aldetik ez da diskoa bezain kalitate onekoa, baina gustukoagoa dugu, gordintasun puntu bat duelako,  kontzertu edo entsegu baten xarma du. Hala ere, demo baten moduan planteatu genuen grabazioa, kantuak guk geuk entzuteko erreminta moduan.
Hala ere, kaleratu egin duzue.
Bai; Tapoifest jaialdian bi taldeok jo behar genuenez, gure zaleei kantu hauek oparitzea pentsatu genuen.
Hamar kantuen artean aukeraketa egitea zaila izan da?
Ez, aukeraketari dagokionez ez diogu garrantzi handirik eman; gure ustez, soinu eta interpretazio onena duten kantuak aukeratu ditugu: HC United, Konturatu! eta Sin decir adios.
Eboluzio handia egon da lehenengo diskotik hona?
Baietz uste dugu. Erritmo gogorragoak erabili ditugu azkenaldian, Ke kereis? diskoko kantuak melodikoagoak dira; oraingoan, ordea, ez dira horren melodikoak. Abesti berrietan, baina, oraindik abesti punk asko daude, 80ko hamarkadako hardcoretik gertu. Kontuan hartu behar da bakoitzak influentzia ezberdinak ditugula, eta hori, nahitaez, islatu egiten da; hala ere, denok gustuko ditugun taldeak ere hor daudela uste dugu.
Zeintzuk lirateke talde horiek?
Adibidez, Nofx, Madball, Sick of it All... Hala ere, hauetako batzuk jotzeko momentuan ez dira horrenbeste igartzen. Guretzat, influentzia garrantzitsua Extorsion talde bergararra ere izan da, herrikoak dira eta haien musika entzunda hazi gara.
Autoekoizpenaren aldeko apustua egin duzue.
Bai; esan bezala, grabazio hau guk geuk kantuak entzun eta hauek lantzeko egin genuen. Beraz, kopiak etxean egin eta kontzertuetan banatuko ditugu. Oraingoz, 80 bat disko banatu ditugu eta hurrengo kontzertuetara kopia gehiago eramango ditugu bertan banatzeko.
Eta disko ofiziala noizko?
Gure asmoa uda aldean grabatzea da. Seguruenik, demo hau grabatu duen Asier Olabarriarekin egingo dugu lan. Zuzenean grabatuko dugu, baina gitarra konponketak eta ahotsak base guztia egin ondoren grabatuko ditugu. Hori da helburua, baina asmo berarekin bi urte daramatzagu, horrenbestez...
Zelan ikusten duzue hardcore eszena inguruotan?
Eszena gutxi dago. Donostia aldean talde gehiago daude; beraz, aukera gehiago daude, baina inguruotan ez dago eszena indartsurik. Hala ere, Bergaran betidanik egon dira hardcorea egin duten taldeak; adibidez, Fly Shit, Supercools, Extorsion eta Rotten Teenagers. Baina inguruan ez dago eszenarik. Honen erakusgarri da kontzertu gehienak punk musika egiten duten taldeekin jo ditugula.

No hay comentarios:

Publicar un comentario